2010-01-05

Ikastolek etapa berri bati hasiera eman diote



Euskal Herri osoko 101 ikastolatako 350 ordezkarik aho batez onartu zuten «Ikastolak orain eta gero» txostenean, Donostiako Miramon Teknologia Parkean egindako VI. Batzarrean. Txostenak biltzen dituen lau puntuak, ikastola-eredua, Euskal Curriculuma, antolaketa kolektiboa eta plan estrategikoa, onetsi zituzten bozketan.

Donostiako saioa irailaren 27an Hendaian egindakoaren jarraipena izan zen. Orduan aurkeztu zuten etorkizuna markatzeko, eztabaidatzeko eta adosteko dokumentua, eta tarte honetan bertako ideiak aztertzen eta zuzenketak egiten aritu dira. Horiek jaso eta azken proposamen ofiziala prestatu zuten.

Non ikusi nahi du ikastolak bere burua? Non jarriko ditu indarrak eta gogoak? Eredua ikertuz, garatuz eta berrituz, 2020. urterako proiektua osatu dute. Epe luzeko misio honetan, bi elementu bereizi dituzte. Alde batetik, hezkuntza zerbitzua, hau da, Euskal Curriculuma, hizkuntza, teknologia, kultura eta abar biltzen dituena. Bestetik, egin nahi dutenaren nolakotasuna edo antolaketa, planteamendu ideologikoarekin koherente izan behar duena.

Arlo honetan urrats kualitatibo bat emateko beharra ikusi dute, gaurko funtzionamendua hobetzeko; errazagoa eta eraginkorragoa izateko, ikastolatik hurbilago aritzeko eta parte-hartze zuzenagoa ahalbidetzeko. Behar dituzten zerbitzuak denentzat, denonak eta hobeto eskainiak izatea dute xede. Erakunde argia nahi dute, ulertzen erraza kanpokoentzat eta etxekoentzat, aitzindaria, buru bakarrekoa. Honen harira, ikastola guztiak bazkidetuko dituen Europar Kooperatiba berria eratu dutela nabarmendu zuten (ekainean izanen du izaera juridikoa). «Hezkuntza zerbitzuak, ekonomikoak... erakunde bakar batean bateratuko dira eta ondorioz eraginkorragoak izatea espero dugu», azaldu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario